![]() |
|
Donostiako Udalak eta Fomento de San Sebastián sozietateak software librearen hedatzea sustatuko dute hirian, “Navega Libre Nabegatu” ekimena medio 2006ko Martxoaren 30a Udalaren mendekoa den Fomento de San Sebastián sozietateak Donostiako hiritarrek eta enpresa txiki eta ertainek software librea erabiltzea sustatuko dute, software pribatuaren gizarte-alternatiba gisa. Beste udal- eta eskualde-ekimen batzuei jarraiki, "Navega Libre Nabegatu” proiektua jarri dute abian, gero eta ohikoagoa dugun software librea zer den ulertzeko informazioa eta formazioa eskaintze aldera. Software libreak informazioaren eta teknologia berrien gizartearen garapena ulertzeko modua goitik behera aldatu du. “Navega Libre Nabegatu" ekimenean gaur egun gehien erabiltzen diren software libreko tresnak ezagutzeko eta erabiltzen ikasteko interesa duten hiritarrek, elkarteek, erakundeek eta enpresek parte har dezakete. Ekimena Fomento de San Sebastián sozietateak kudeatzen dituen teknologia berrien eDonostia.net zentroetan gauzatuko da. Konpromisoa da hiritarrei oinarrizko alfabetizazio digitala eskaintzerakoan software librea erabiltzea teknologia berrien inguruko lehen jakintzak helarazteko. Era horretan, jendea programen funtzioetan trebatuko da (testu-prozesadorea, kalkulu-orria…), eta ez marketan (Word, Excel…). Horrez gain, eDonostia.net zentroetan erakusten diren programak eskura egongo dira, software librekoak baitira. Gainera, beste sistema eragile batzuk (Windows, Mac…) ezagutzen dituzten eta software libreko Linux sistema (eDonostia.netek Kubuntu banatzailea aukeratu du) erabiltzen ikasi nahi duen jendearentzako ikastaroak ere eskainiko dira. Fomento de San Sebastián sozietateak sektoreko tokiko eta lurraldeko agenteekin (elkarte, unibertsitate, erakunde eta abarrekin) elkarlanean aritu nahi du, software librea hedatze aldera, guztion eskura dagoen alternatiba aske eta sozial gisa. Horretarako, ekimena babesteko irudiak eta marketin-produktuak diseinatu ditu: posterrak, txapak, pegatinak eta abar. Material hori ikastaroan izena ematerakoan eska daiteke, eDonostia.net zentroetan (http://www.edonostia.net). Urtarriletik zentroen katalogoetan software librearen (Linux, Open Office, Gimp, Firefox…) gaineko tailer eta ikastaro berriak jartzen ari gara, zuzenekoak eta lineakoak. Hala, eskaintza handitzen ari gara, software librearen alorrean lan egiten duten formazio-hornitzaileei ateak irekitzen. Software librea, software pribatua ez bezala, ezezaguna da; izan ere, bigarrena sustatzeko izugarrizko marketin- eta publizitate-kanpainak egiten dira. Software librearekin alfabetizazio digitala eta teknologia berrien garapena bultzatzen dira eta, horrez gain, IKTen sektorean enpresa berriak sortzea sustatzen da eta konponbide profesional berriak eratzen dira. Konponbide horiek erakunde publiko ugaritan erabiltzen hasiak dira; era horretan, inbertsioak optimizatu egiten dira, software pribatuaz gain software librea erabiltzen baita zenbait lan egiteko. |
| Edonostia.net-eko Berria: http://www.edonostia.net/eus/noticias/softwarelibrea/270/ © 2005, Donostiako Udala. |
| << BERRIRA BUELTATU |